Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   GIDABAIMENA EUSKARAZ

Udalak gidabaimena lortzean euskararen erabilera bultzatzen du udal beka berriekin

Ekimena lurraldeko autoeskolekin batera aurkeztu dute, bide heziketan euskararen presentzia indartzeko.

1. argazkia

Lasarte-Oriako Udalak laguntza-lerro berri bat aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, herritarrek gidabaimena euskaraz atera dezaten sustatzeko. Agustín Valdivia Calvo, Lasarte-Oriako alkateak, Estitxu Alkorta Barragan Euskara zinegotziak, Mugika Autoeskolako Ana Mugika Aburruzak eta BideOn autoeskolako Miren Zutoia Gonzalezek hartu dute parte agerraldian, tokiko autoeskolen izenean, eta babesa adierazi nahi izan diote ekimen honi.

Aurkezpenean, zinegotziak azpimarratu du neurri hori Udalak hizkuntza-normalizaziorako duen estrategiaren barruan sartzen dela, “euskara eguneroko esparru praktikoetan ere egon dadin errazteko, hala nola gidatzeko prestakuntzan”. Alde horretatik, azterketa teorikoa euskaraz ikasi eta egiteak espazio berrietan hizkuntzaren erabilera indartzen laguntzen duela nabarmendu du.

Lasarte-Orian erroldatuta dauden eta gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditzen duten pertsonei 500 eurora arteko bekak ematea aurreikusten du ekimenak. Horrela, Udalak azterketa teorikoaren matrikularen kostua ordainduko du, prestakuntza-prozesu horretan hizkuntzaren erabilera bultzatuz.

Autoeskolek, berriz, positiboki baloratu dute neurria, hizkuntza bat baino gehiagotan formazioa eskaintzeak suposatzen duen ahalegina azpimarratuz eta ikasleentzat euskarazko baliabideak izatearen garrantzia nabarmenduz. Era berean, horrelako ekimenek hezkuntza eta lanbide esparruan hizkuntzaren erabilera normalizatzen laguntzen dutela adierazi dute.

Herriko autoeskolen konpromisoa ere aitortu nahi izan dute udaletik, azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko aukera eskaintzen baitute dagoeneko, eta herritarrak, batez ere gazteak, aukera hori baliatzera animatu dituzte.

Ekimena euskara sustatzeko dirulaguntzen udal-programaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak elkarrekin bultzatutako proiektuekin bat egiten du, bide-prestakuntzan euskararen presentzia areagotzera bideratuta.

Datozen egunetan, Udalak formulario bat jarriko du Lasarte-Orian erroldatuta dauden pertsonek dirulaguntza eskatu ahal izateko, prestakuntza zein autoeskolatan egin duten kontuan hartu gabe. Laguntza hau herrian erroldatuta dauden pertsonei bakarrik zuzenduta dago.