Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   ASFALTATZE-KANPAINA

Lasarte-Oriak 2025eko asfaltatze kanpainari hasiera emango dio herriko hainbat gunetan lanak eginez

Inbertsioa 290.092 eurokoa da eta lanak ekainaren amaierara arte luzatuko dira, udalerriko hainbat gunetan mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko asmoz.

1 / 2
1. argazkia

Lasarte-Oriako Udalak 2025. urteko lehen faseari dagokion asfaltatze kanpainaren hasiera aurkeztu du astearte honetan prentsaurrekoan. Ekitaldia Goikale kalean izan da, aurreikusitako lanak amaitu diren guneetako batean, eta bertan izan dira Agustin Valdivia alkatea eta David Mateos Zerbitzu Publikoetako zinegotzia.

Alkateak herritarren ulermena eskertu nahi izan du lan hauek eragiten dituzten aldi baterako eragozpenen aurrean, gogoraraziz “beharrezko hobekuntzak direla gure kaleak egoera hobean egon daitezen eta guztiontzat erosoagoak eta seguruagoak izan daitezen”.

Bestalde, David Mateos zinegotziak esku-hartzearen nondik norakoak zehaztu ditu, eta udalerriko hainbat gunetan lanak egitea aurreikusi du. Azaldu duenez, dagoeneko asfaltatu dute Buenos Aires ingurua —zehazki, aldaparen eta Zabaletako frontoiko biribilgunearen arteko zatia—, eta gaur egun Goikale kalean amaitzen ari dira lanak.

Hurrengo esku-hartzeak Negutegiaren inguruan egingo dira, hor Azkorte eta Negutegiko bideen arteko sarbidea hobetuko da. Jarduera hori bereziki pentsatuta dago, laster baratze ekologikoak martxan jarriko diren eremu batean mugikortasuna errazteko. Ekainaren amaieran Garaikoetxeko patioa ere asfaltatuko dute, ikasturtea amaitu dela aprobetxatuz.

Planak, halaber, Kale Nagusitik Txartelaren biribilguneraino, biribilgunetik Urbilerako sarbideraino (bertan hondoratze txiki bat zuzenduko da) eta Hipodromo Etorbideko eremuan ere lanak egitea aurreikusten du, taxien geralekua eta oinezkoen pasabidea barne. Azken bi jarduera horiek gauez egingo dira, ahalik eta eragin txikiena izateko.

Lanik luzeenek, Negutegikoak kasu, lau egun inguruko iraupena izango dute. Hala ere, afekzioak ahalik eta txikienak izan daitezen eta ahal den neurrian epeak laburtzeko lanean ari direla azpimarratu dute udaletik. “Ahal dugun guztietan, bi egunetarako aurreikusitakoa egun bakarrean konpontzen saiatuko gara”, adierazi du Mateosek.

Kontratua ORSA enpresari esleitu zaio, guztira 290.092 eurotan. Behin asfaltatze lan guztiak amaituta, bide pintaketari ekingo zaio bere osotasunean, beraz, kale batzuk aldi baterako seinale horizontalik gabe egongo dira.

Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala