partekatu
• SAN PEDRO JAIAK
2026ko San Pedro jaiak diseinatzeko parte-hartze prozesua ireki da
Herritarren proposamenek jaietako egitaraua osatzeko eta jaietan omenduko duten pertsona edo kolektiboa aukeratzeko balioko dute.
Lasarte-Oriako Udalak joan den asteartean, abenduaren 16an, aurkeztu zuen 2026ko San Pedro jaietako egitaraua prestatzeko prozesu parte-hartzailea, Nagore Durán Herritarren Partaidetzako zinegotziak eta Txus Alonso Jaietako zinegotziak parte hartu duten prentsaurrekoan. Prozesu hori da Udalak urtero duen funtsezko tresnetako bat jai irekiak, askotarikoak eta herritarren gustuekin bat datozenak eraikitzeko.
Azaldu bezala, txartelen gutun-banaketa datorren astelehenean, hilak 22, hasiko da, parte-hartze prozesuari ofizialki hasiera emanez, eta 2026ko urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita, biak barne. Denbora tarte horretan, herritarrek jaietarako proposamenak helarazi ahal izango dituzte.
Jaien arlotik azpimarratu dute partaidetza maila handiena duen udal prozesu parte-hartzaileetako bat dela, eta bertatik elikatzen dela jai egitarauaren zati garrantzitsu bat. Mekanismo horren bidez, herritarrek jarduerak, ikuskizunak, antzerkia, jokoak eta era guztietako ekimenak proposa ditzakete, baita jaietan ikusi nahiko lituzketen euskal eta nazio mailako musika taldeak ere.
Aurten, gainera, parte-hartze prozesua hilabete aurreratzea erabaki du Udalak, aurreko edizioekin alderatuta. Helburua musika taldeak kontratatzeko denbora tarte gehiago izatea da, izan ere, birek, jaialdiekin bat etortzeak eta eskari handiak programazioa gero eta konplexuagoa egiten dute. Aurrerapen horri esker, aurreikuspen handiagoarekin lan egin ahal izango da, eta jasotako proposamenak sartzeko aukera gehiago izango dira.
Parte hartzeko bi modu daude:
- Modu presentzialean, udal eraikinetan egokitutako postontzietan txartelak utziz.
- Online, Lasarte-Oriako Udalaren web orriaren bidez.
Jai-egitarauaren zati bat definitzeko balio izateaz gain, parte-hartze prozesuak barne hartuko du 2026ko San Pedro jaietan omenduko den pertsona edo kolektiboa aukeratzea, udalerriaren eta lasarteoriatarren alde egindako ibilbide edo lanen aintzatespena.
2026ko San Pedro jaiak ekainaren 26tik 30era ospatuko dira, eta Udalak herritarrak animatu ditu prozesu horretan aktiboki parte hartzera. Azpimarratu bezala, zenbat eta ekarpen gehiago jaso, orduan eta askotarikoagoa, erakargarriagoa eta aberasgarriagoa izango da jaien amaierako egitaraua.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala